El Diario Vasco
«HERRIA BIZIRIK MANTENTZEKO DENOK INPLIKATU BEHAR DUGU»
Jon Irastorza gaintzarrak argi dauka: Gaintza da bere etxea eta bertan bizi nahi du betirako. Herri txiki honek eskaintzen duen ingurune natural apartak eta lasaitasunak betetzen dute Jonen bizitza, nahiz eta, aitortu bezala, ez diren dena erraztasunak. Irastorzaren hitzetan, Gaintza ez da edonolako herria. «Natura maite dut, eta hemen ingurugiro apartaz gozatzeko aukera dugu. Lasai bizitzeko aukera ematen dit eta deskonektatzen laguntzen dit. Horrelako ezaugarriak dituen herri bakarra dela uste dut, eta egia esan, oso pozik bizi naiz hemen, hori da gure altxorra». Ehizazale eta mendizale amorratua denez, Gaintzako inguruak aukera amaigabeak eskaintzen dizkio bere zaletasunetan aritzeko. «Oilagorretan eta usoetan ibiltzen naiz. Gainera, perretxikoak biltzeko txoko bikainak ditugu, eta mendian paseoak egiteko aukera zabala eskaintzen dit herriak». Hori bai, Gaintza herri txikia izanik, Jonek dio astean zehar giro handirik ez dela izaten. «Bakoitzak bere bizitza egiten du. Ikasketak edo lana amaituta, bakoitza berean aritzen da astean zehar, beste edonon bezala». Hala ere, asteburuetan eta bereziki jaietan, gazteen artean elkarlana nagusitzen dela azpimarratzen du. «Herriko jaiak edo ospakizun bereziak gerturatzen direnean, iniziatiba handia dugu. Gazteen aisialdi taldeak Udalarekin elkarlanean jarduten du, eta kontzertuak, bazkariak eta bestelako ekintzak antolatzen ditugu. Giroa pizteko ezinbestekoak dira horrelako ekintzak». Gaintzan bizitzen jarraitzeko grina argia du Jonek, baina ez du ezkutatzen horrek dakarren zailtasuna. «Etxebizitza bat eskuratzea oso zaila da hemen. Gutxi eraikitzen dira, eta daudenak, askotan, beteta edo egoera txarrean daude. Gazte asko inguruko herri handiagoetara mugitu dira, baina hemen bizi nahi dugunok lanean jarraitzen dugu Gaintzan bizi ahal izateko». Irastorzak Beasaingo La Salle ikastetxean egiten du lan, heziketa bereziko irakasle moduan, eta nahiz eta kotxea beharrezkoa duen egunerokotasunean, horrek ez dio bizimodua oztopatzen. «Egunero 10-15 minutu autoz egiten ditut lanera joateko, baina ez zait esfortzu handia iruditzen. Badakit non bizi naizen, eta harro nago bertakoa izateaz». Jonek argi du Gaintza bizirik mantentzeko ezinbestekoa dela herritar guztien inplikazioa. «Azken urteetako belaunaldi aldaketak eta Udalak herritarren iritziak entzuteak lagundu dute herria bizirik mantentzen. Hala ere, ezin gara gelditu. Gure nahi eta beharretara egokitzen jarraitu behar dugu herrian gustura bizitzeko», gogoratzen du. Egungo erronkei aurre egiteko determinazioarekin, Jon Irastorzak etorkizun oparo bat irudikatzen du bere herriarentzat, lanarekin eta elkarlanarekin Gaintzako bizitzak eskaintzen duen magia mantentzeko. «Bidea badakigu zein den, baina herritar guztien inplikazioa beharrezkoa da Gaintza garatzen jarraitu eta herri bizirik mantentzeko». Seguir leyendo
Las tarifas que se muestran se aplican a las compras a través de la plataforma web de Kiosko y Más